Harremanen inguruko hausnarketan, pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua dela ikusi dugu pertsona barrukoarena: norberak bere buruarekin duen harremana hain zuzen. Honek pertsonen arteko eta inguruarekiko ditugun harremanetan eragin zuzena izango baitu. Bi harremanek, pertsona ororen emozioetan eta bizi kalitatean eragina izango duelarik.
Garunak ez du generorik.Faktore sozio kulturalek aldiz, eragin zuzena dute.
Indarkeriari eta bereziki emakumeon kontrako indarkeriari eraginkorki aurre egiteko tresnatzat ulertzen dut tratu ona lantzea, sustatzea. Nork bere burua onartzen eta maitatzen laguntzea da muina, horrela izango baititugu pertsona zein harreman osasuntsu eta gustagarriak.
Tratu onetan oinarritutako harremanek ez dute oraindik zilegitasun osorik jendartean eta zaintza, bizitzari eutsi eta berau gozatu ahal izateko oinarrizkoa dena, bazterreko jardueratzat hartua da.
Funtsean, tratu ona, jendartean bortizkeria ekiditeko oinarria, norbera zein besteak ondo hartzen eta zaintzen ikastea da.
Bakoitza denarekin konforme bada ez dago besteak menderatzeko irrikaz. Ingurukoak zainduko ditu, ondo egon daitezen, horrek areagotuko baitu bere ongizatea eta gozamena.
Beren buruekin pozik daudenak elkarlanerako joera dute, lagun hurkoaz fio dira. Egoera gatazkatsuei aurre egiteko baliabide pertsonal eta sozial gehiago dituzte, lagun-sareak kasu. Izan ere, jendarteak pairatzen dituen arazo mingarrienak kolektiboki soilik konpon daitezke; bakarka ezinezkoa da.Uhin edo mugimendu batek laguntzen gaituenean, iniziatiba hartzeko prest gaude.
William Ury antropologoak (Harvard University) Hirugarren Aldea deitzen duen hori. Hau da, indarkeria prebenitzeko, berau ematen den esparru ezberdinetan esku-hartzen duten komunitateko pertsona edo talde horiek, arrisku faktoreak indargabetzen eta babes faktoreak sendotzen dihardutenak. Beti ere, guztiok barne-hartzen gaituen bakearen, elkarrizketaren eta indarkeriarik gabeko kulturan oinarrituta. William Uryren hitzetan, “hirugarren aldea gu gara, bakoitza bere aldetik zein denok batera ari garenean
Erronka ezberdinak tratu onak eta gogoeta sustatzeko hezkuntza komunitate zabalean:
Norberaren ezagutza, onespena eta tratu ona sustatzea
Maitasun erromantikoa ezbaian jartzea: norbanakoa mundu emozionalaren eta bere desiren garrantziaz jabetzea
Pertsonen sexualitateen aniztasuna ikusarazi eta balioestea, eta zalantzak argitzea
Bortizkeriari, eta bereziki emakumeen aurkakoari, aurrea hartzeko oharmena elikatu eta aurre egiteko baliabideak adostea
Nork bere zein besteen zaintza balioetsi eta ikus-araztea
Martxan diren iniziatiba feminista anitzak ezagutzera eman hezkuntza komunitateari
Gazteen eta helduen parte-hartzea sustatzea, batez ere neskena, tratu onen aldeko herriko talde zein ekimenetan
Helduentzako formazio-moduluak gauzatzea
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina