2021(e)ko apirilaren 2(a), ostirala

UMEAK, GENEROA ETA TRANSEXUALITATEA

 Umeak eta ipuinak

Azken urteotan gure gizartean hainbat ume ezagutu ditugu “transexual” moduan. Komunikabideetatik ere heldu zaizkigu albisteak eta erreportajeak, eta foro horietatik haien senideek, irakasleek, sexologoek… eta batzuetan umeek eurek beren egoerari buruz azalpenak eman dizkigute. Duela urte gutxi gaia erabat tabua zen; gaur egun daukan ikusgarritasun txiki hori oso da poztekoa.

Bost ipuin dauzkat mahai gainean, denak 2016koak, generoarekin egonezina eta transexualitatea zer diren umeei azaltzeko helburuarekin. Zalantzarik gabe mintegi eder bat egiteko ematen dute.

nereajazz-naiz

cola-de-sirena   97884902754989788490276150

-Nerea García; ilustratzailea: Ángel Mª Remirez de Ganuza (2016). Ni Nerea naiz. Bartzelona: Bellaterra.

-Jessica Herthel eta Jazz Jennings; ilustratzailea: Shelagh McNicholas (2016). Jazz naiz. Bartzelona: Bellaterra.

-Alba Barbé i Serra  eta Sara Carro Ibarra; Ilustratzailea: Joan Turu da (2016): Cola de Sirena. Bartzelona: Bellaterrra.

-Pello Añorga; ilustratzailea: Jokin Mitxelena (2016). Ispilutxo. Donostia: Elkar.

-Ana Jaka; ilustratzailea: Patxi Gallego (2016). Marimutila naiz, eta zer?, Donostia: Elkar.

Azkena kenduta (8 urtetik aurrerako umeentzat), besteak 4-8 urteko umeentzat dira.

Ni Nerea naiz eta Jazz naiz liburuek ume “trans” jakin baten historia narratzen dute (Jazz eta Nerea hurrenez hurren); protagonistak, gainera, gaur eguneko benetako ume birengan inspiratuta daude. Horietan ikusten da nola zakila duten eta mutil moduan sailkatuak izan diren bi umek lortzen duten haien familiak eta haien inguruak neskak direla onartzea, horretarako gogor borrokatu ondoren eta sufrimendu ugari pairatu ondoren.

Beste hiru ipuinak generoaren eraikuntzaren inguruko gogoeta ederrak dira. Ipuinak “metaforikoagoak” dira, literarioagoak ziur aski; irakurleari ez zaio dena elaboratuta eskaintzen eta berak eman beharko dio narrazioari azkeneko zentzua.

 Ume “trans”-ei buruzko bi ipuinak

Lehenengo bi narrazioek ekarpena egiten dute, dudarik gabe, errealitate hori umeei azaltzeko balio baitute. Helburu pedagogikoa dute, hein handi batean. Ni Nerea naiz ipuinean hitzaurrean azalpen bat dago eta bukaeran baita irakurketa-gida ere, nagusiei oinarrizko informazioa emateko eta umeekin gaia lantzeko proposamenak egiteko.

Nire kezka da, baina, ipuinek beraiek ez azalpenek, narrazioek baizik ez dutela nahiko argi adierazten arazo nagusia generoak direla hain zuzen. Nire kezka da irakurle txikiek bi kaxoi daudela konfirmatuko dutela, eta zurearekin ez bazaude gustura, bestera pasatzea duzula (zailtasunak gainditu ondoren, nagusiek ez dizutelako erraz jarriko). Ez dago erdibiderik, ez da ikusten narrazioetan esperimentatzeko aukerarik, joan-etorriak egiteko paradarik, jokabide anitzak arintasunez dastatzeko unerik, sailkapenetatik at bizitzeko aukerarik… Izan ere, narraziootatik irakurle txikiek errez deduzitu ahal dute hau: beste tiraderan dauden aukerak bizitzeko modu bakarra da genero identitatea aldatzea eta nagusiek aldaketa hori azkenik onartzeaJazz naiz ipuinaren kontrazalean irakurtzen dugunak argi eta garbi uzten du:

“Bi urteko ume txikia zenetik, Jazz-ek bazekien neska zela, jaiotzean mutiltzat hartu bazuten ere. Arrosa kolorea eta sirenaz mozorrotzea gustuko zuen, eta mutilen arropa soinean ez zebilen eroso. Horren aurrean, familiak ez zekien nola jokatu, Jazz transexuala zela ulertu eta laguntzea erabaki zuten arte”.

Tira, neska moduan futbola gustatu ahal zaizu, Jazzi bezala, baina bestela neskekin tradizionalki lotu diren gauzak lotuko dira gure ipuinetako neska hauekin: arrosa kolorea, apaingarriak, maitagarri soinekoak, tximeletak…  Ikusten da neskak eta mutilak desberdinak direla eta gauza desberdinak gustuko dituztela; horren arabera izango zara neska ala mutila, berdin zein den zure gorputzaren forma. Baliteke azken ideia hau aurrerapausoa izatea duela urte gutxira arte egon den estigmatizazioarekin alderatuta, baina ez zait inondik inora nahikoa iruditzen.

Arazoa GENEROA dela, demontre!

Marina Subirats-ek azaltzen du beharrezkoa dela bi generotan hazi eta heztearekin lotutako murrizketak gainditzea. Generoek desagertu behar dute: gizarteak inposatutako jokatzeko eta aritzeko moduek, sexuen arabera gizabanako guztiei inposatzen zaizkienek, ez dute laguntzen bizitzen. Egileak azaltzen duen bezala:

“[Generoak] desagertu behar dira gizarteak inposatutako jokabide ereduak diren heinean, gizabanakoen sexuaren arabera derrigorrezkoak” (Subirats, Forjar un hombre, moldear una mujer. 2013. Girona: Aresta Mujeres. 184-185 orr.).

“Ez dauka zentzurik mutilei oldarkortasuna agintzeak, soilik mutilak izateagatik,  haien izaeran eta borondatean egon ala ez; eta xamurtasuna eta enpatia neskei agintzeak, neskak izateagatik, nahitaez. Gizaki bakoitzak askea izan behar du bere jarrerak hautatu ahal izateko […]. Gizaki bakoitzak aukera eduki behar du garai bateko ezaugarri femeninoak eta maskulinoak, bere baitan aurkitzen dituenak, konbinatzeko, eta horretarako askatasuna behar du, berak nahi duen neurrian eta egoeretan aukeraketa hori egiteko”. (Subirats 2013: 185 orr.).

Hezkuntzaren arloan, beste hainbat arlotan bezala, asko dira honako zera aldarrikatzen duten ahotsak: gizakiek nahi dutena izatea eta nahi duten bezala bizitzea, jaio diren momentuan medikuak esleitutako sexuak markatutako paturik gabe. Azkeneko hamarkadetan garatu den Queer teoriak etiketarik gabeko mundu bat proposatzen du, zeinetan nork bere identitatea libreki eraiki ahal izango duen.

Oso urrun gaude utopia horretatik. Izan ere, Jazz eta Nerea genero batean egon dira itxita, harik eta beste generora pasatzen lortu duten arte.  Eta bide zaila egin dute onarpen hori lortzeko.

 “Neskek ez zidaten haiekin jolasten uzten”

Gure bost ipuinetan ikusten da ze aukera gutxi daukaten umeek gure gizarte binarizatu honetan nahi dutena egiteko; senideek, lagunek, ikaskideek aukerak ukatzen dizkiete janzteko, jolasteko, harremanetan sartzeko, jokatzeko… Genero aldaketarekin batera, berriz,  beste kaxoia irekitzen zaie. Lagun batek dioen bezala, ez al da generoa umeen kontrako lehenengo indarkeria, lehenengo genero indarkeria hain zuzen? Eta, adin txiki horietan, familia eta eskola dira, hain zuzen, indarkeria hori gertatzen den esparruak, Paul B. Preciadok ederto azaltzen duenez.

“Noizbehinka, etxean gurasoek ahizparen soinekoak janzten uzten zidaten. Baina kalera ateratzeko, mutilen arropa jantzi behar izaten nuen. Horrek izugarri haserrarazten ninduen!” (Jazz naiz).

“Bi urte zituelarik, gurasoak ohartu ziren ez zitzaiola batere gustatzen bere jostailuekin jolastea, eta panpinak eta soinekoak erosteko eskatzen zien. Gurasoek ezetz esaten zioten, horiek “nesken gauzak” zirela. Oso triste jartzen zen mutikoa, negarrari eutsi ezinik”. (Ni Nerea naiz).

Izan ere, horixe bera da 9 urteko ume honek azaltzen diguna telebistako elkarrizketa batean: esleitutako genero maskulinoaren ondorioz beste ume batzuek ez zioten uzten egiten berak nahi zuena. Ikusi programaren lehenengo minutua, ez da gehiago behar: “Mis amigas (…)  yo iba al patio con ellas y no me dejaban jugar con ellas, me decían que yo era un niño […]. Yo soy una niña, no me gusta que me tratéis como un niño”.

Reproductor de vídeo
00:00
11:20

Ondorioa argi dago: binarismoa da kalte egiten diguna, gaixotzen gaituena!

“Ume hauek nolakoak diren”… Egokitzapen batzuk gaia fokatzean

-Desberdintasuna oztopo gisa ez ulertzea, ezaugarri gisa ulertzea; hori aldarrikatzen da ipuinetako baten bukaeran hezitzaileentzat dagoen  azalpenean. Fokatze horrek zer pentsatu ematen dit. Batzuk “desberdinak” badira, besteak zer dira, normalak, estandarrak? “Desberdin” hori borondate onekoa da, ulertzen dut, baina betiko desorekan mugitzen gara: normalak VS arrarotxoak (nahiz eta begirunea merezi duten arrarotxoak izan).  Desberdinari errespetua zor zaiola azaldu beharrean, interesgarriagoa deritzot “desberdina” etiketa zalantzan jartzeari. Auto-aipamen bat: “inor ez litzateke bestea izan beharko. Bakoitza den bezalakoa izateko aukera ematen duten inguruneak eraiki beharko genituzke, ez ’arrarotxoak‘ ere errespetatzen diren inguruneak, ingurune benetan inklusiboak, non ’estandarrak‘ eta ’besteak‘ ez dauden” (Berria, 2016-1-9)

“Denok dauzkagu ezaugarri femeninoak eta maskulinoak” irakurri dut orobat.  Horrelaxe, komatxorik gabe, distantzia apur bat hartu gabe. Behin baino gehiagotan entzun dut esaldi hori aurrerapauso handia balitz bezala. Zeintzuk izango dira ezaugarri femeninoak eta maskulinoak? Samurtasuna femeninoa izango da eta ausardia maskulinoa, adibidez? Akabo. Ezaugarri humanoak izan beharko lirateke gure garaian, mesedez. Orain arte maskulinoa izan dena eta femeninoa izan dena, konstrukzio sozial gisa, denona izan behar da gaur, bereizketarik gabe.  Emakume ausarta izatea ez da ezaugarri maskulino bat edukitzea, gizon amultsua izatea ez da ezaugarri femenino bat edukitzea.

-Komunikabideetan azaltzen zaigu batzuetan familiak despeditu behar izan duela momentura arteko semea, alaba berriari kaixo esateko (edo alderantziz). Prozesu gogorra dela. Azalpen horrek adierazten du noraino ikusten dugun umeen hezkuntza bi kaxoi desberdinen barruan; begirada kontua da, begirada binarista eta umeengan dauzkagun espektatiba binaristak. Izan ere, umea ez da aldatu, lehengoa eta oraingoa ume berbera da. Orain askatasun gehiago ematen zaio, hori bai. Edo ez beti, kaxoi batetik bestera pasatu bada eta aurreko kaxoia itxi egin bazaio. Izan ere, batzuetan umea “genero berriaren” ezaugarri tradizionaletan eta betiko estereotipoetan murgildua izan dela dirudi. Noraino da hori guztia umearen nahia eta noraino genero sozializazio konbentzionala (orain beste generoarena, baina beti bezain konbentzionala)?

Umeak “transexualak” al dira? Ingurune oso erasokor eta binarizatuetan badirudi etiketak behar direla, eta etiketa hori modu bat izan daiteke umeak gertatzen denari nonbaitetik heltzeko, tratatzeko, ulertzeko. Niri zoragarria irudituko litzaidake umeek nahi dutena egin ahal izatea sailkapenik gabe, orain arteko “femeninoa” eta “maskulinoa” nahi bezala esperimentatzea… etiketarik gabe. Lala Mugikak (Aldarte elkartearen zuzendariak) hitzaldi batean Stockholmeko eskola bat aipatu zuen, Egalia pre-school, non umeak neska eta mutil moduan ez dituzten tratatzen, non umeak generorik gabe hazten dituzten, kaxoirik gabe, pertsona moduan. Horren urrutira joan gabe, Gasteizen badago esperientzia eder bat: Arana Haurreskolak fisolofia berbera dauka. Hemen ere posible da, beraz. Baina esperientzia horiek salbuespena dira; orokorrean oso urrun gaude eredu horretatik. Bitartean “trans” etiketak lagundu ahal die pertsona askori, zalantzarik gabe.

-Aholku/irizpide/ideia bakarra eman beharko banio generoaren gaiaren inguruan guraso bati, hauxe esango nioke: hazi zure umea intersexuala balitz bezala. Hezkidetzan interesatutako irakasle bati gauza bera iradokiko nioke. Alegia, medikuak zure umea jaiotzeko momentuan “neska” edo “mutil” moduan sailkatu ezin izan balu bezala, zure umea momentu honetan “neska” ala “mutila” izango ez balitz bezala; eta zuk, ondorioz, aukera guztiak eskeini nahiko bazenizkio bezala. Gure gizartean hori egitea ez da erabat posible ziur aski, baina helburu moduan oso interesgarria iruditzen zait, bi kaxoiak pizkanaka irekitzen joateko. (Azalpen luzeagoa hemen).

Beste hiru ipuinak…

… haratago doaz, paradoxikoki. Hiru ume aurkitzen ditugu, generoaren hesien kontra kolpatzen direnak, besteek (lagunek, gusasoek…) jarritako hesien kontra hain zuzen. Bukaerak ez dira itxiak baina protagonisten gogoetak edo prozesuak bide onetik, askatzailetik, doazela erakusten dute. Ilustrazioak ere oso estimagarriak dira hiru kasuetan.

Ispilutxo narrazioak tonu poetikoa dauka. Mutil baten ezinegona eta zalantzak dira abiapuntua. Kontrazalean: “Mutilek deitu didate ’nexka´ eta ni sentitu naiz baztertua, eta sentitu naiz triste, oso triste, asto tristea baino tristeago, zeren ni ez bainaiz ´neska´. Eta joan naiz errekara negar malkoak egitera”.

Cola de sirena ipuinean Roque sirenaz mozorrotzen da festa batean eta beste umeek iseka egiten diote. “Estaba enfadado, triste y desorientado. Pero sobre todo sentía mucha vergüenza. Tenía la sensación de haberse equivocado, aunque no sabía exactamente en qué”.  Kontrazalean: “Una cosa o la otra. Blanco o negro. Carne o pescado. Chico o chica, humano o sirena…. ¡Como si solo hubiese dos opciones! ¿No puede ser que una decisión sea también que no quieres tomar una decisión?”.

Marimutila naiz eta zer? Kontrazalean: “Ioneri marimutila deitu diote eskolan. Futbolean jokatzen duelako, ile motza daramalako… Berari bost axola: gustatzen zaizkion gauzak gustatzen zaizkio eta kitto. Izeba Naiararen ezkontzarako, ordea, arazo bat sortuko da, gurasoek soineko ba jantzarazi nahi baitiote Ioneri…”.  Ionek aitonaren laguntza izango du irtenbide bat bilatzeko.

Eta hala ere, ipuin batzuk falta zaizkigu: ipuin horiek non genero trans-a edo malgua edo dinamikoa edo sailkatu gabea duten umeak (edo helduak) agertzen diren, eta ezaugarri hori ez den ipuinaren korapiloa edo testuan konpondu behar den gatazka, aztertutako bost narrazioetan gertatzen den bezala. Ipuin bat, adibidez, non pertsonaia bat den Ander -demagun- txirikordak daramatzan eta gona batekin jantzita dagoen eta inork ez dion horri arretarik jartzen eta gertatzen diren gauzak beste batzuk diren. Nik ez dut horrelako ipuinik ezagutzen (norbaitek baten bat ezagutzekotan, asko eskertuko nuke!). Aizu, ipuin idazle hori, animatzen zara zure pertsonaien artean kalean dagoen aniztasuna jasotzen, eta aldi berean irakurle txikiei erreferenteak eskaintzen?

 Isa Vázquez-en hiru marrazki

Isa Vázquezek ederto azaltzen du kontua honako irudi hauetan. Lehenengoan oraindik gaude “neska/mutil” dikotomian; hurrengoak haratago doaz, binarismoa gaindituta:

figura-7-es-nino-o-es-nina

 

 

 

 

 

 

 

kaxa 0

Related image

(Iturria: Raquel (Lucas) Platero (2014). Trans*sexualidades. Acompañamiento, factores de salud y recursos educativos. Bartzelona: Bellaterra).

Beste hurbilpen eder bat: Samara Velte-ren narrazio labur hau (Berria 2016-03-03)

“Jurik hiru urte ditu, eta ez daki neska edo mutila den. Etxean ez diote inoiz horretaz hitz egin (zertarako?), eta berak ez du inoiz galdetu. Egun batean, medikuarengana eraman dute: haurraren garapen egokia neurtzeko balio behar duen proba sorta bat egin diote han. «Jaso besoa soinua aditzen duzunean»; «Ukitu sudurra begiak itxita»; «Bilatu desberdina den figura»… eta, azken galdera, ia oharkabean: «Neska edo mutila zara?». Jurik amari begiratu dio zalantzati. Hark sorbaldak jaso ditu: «Ez dakit. Zer zara, Juri?». Haurra pentsakor geratu da une batez. Gero medikuari erantzun dio: «Katu bat naiz».

“Egiazko istorioa izatearen ederraz gain, heldu guztiontzako lezioa da Juriren erantzuna. Emakundek haurrengan jarri du arreta aurtengo Martxoaren 8ko kanpainan: haiei egunero helarazten dizkiegun mezu sexisten inguruko eztabaida piztu asmo du. Bistan da mutiko bati «Ez egin negar neska txiki batek bezala» esateak ez duela mesederik egiten, ez haur horrek bere burua onartzeko bidean, ez eta neska txikiez ematen den irudian ere. Baina akaso galdera ez da hainbeste nola baztertzen ditugun neskak eta nola mutilak; akaso galdera da zergatik tematzen garen neskak eta mutilak sortzen, egun batean katu, beste batean koala eta beste batean izar izan nahi dutenengan”.

Despatologizazioa, arren!

Aurreko testua idazten ari nintzela, esaldi kezkagarri batzuekin egin dut topo (gehienak telebista programen esatarien ahoan, ez umeen senide edo hurbilekoenetan):

“Siempre lo tuvo claro: era una niña en un cuerpo de niño” (programaren hasieran); “su identidad sexual no iba de la mano de su cuerpo” (0:50 minutuan). Hemen:

“Era un niño encerrado en un cuerpo de niña” (0:40); “un niño nació en un cuerpo que no era el suyo” (1:40). Hemen:

Reproductor de vídeo
00:00
04:49

Arranopola…

Horiek ez dira umeen adierazpenak, baina haiek formulaziook entzun eta jaso ahal dituzte, eta bereak egin. Nola egongo da “erratuta” zure gorputza, nola ez da “zurea” izango zure gorputza, berarekin jaio bazara, bera eta zu gauza bera baldin bazarete? Ez da gizartea (esataria) izango inkoherentzia ikusten duena, erratuta egongo dena?

Horrek ez du esan nahi gazte eta heldu batzuek horrelako sentimenduak eta bizipenak ez dituztenik, ez du esan nahi gazte batzuek haien gorputza eraldatu nahi ez dutenik eta bide horretan haiek nahi duten lekura heldu behar ez direnik, ez horixe, baina sentimendu horiek ez dute ume eta gazte guztiengan zertan agertu, ez da derrigorrezkoa, gizarteak ez luke ikuspegi hori (egonezin hori) zertan erein.

Testu bat gomendatzera nator, testu argia, ederra, inklusiboa, trans errealitatearen   despatologizazioaren aldekoa, anormalitate edo gaixotasun moduan kontsideratzearen kontrakoa. Miquel Missé-ren epilogoa da liburu honetan: El género desordenado. Críticas en torno a la patologización de la transexualidad. Bartzelona: Egales, 265-282 orr. Bukaeran dauden lerro batzuk baino ez ditut hona ekarriko:

“¿Cuál sería mi mundo ideal en términos de género? [… Un mundo] sin cosas de hombres, sin cosas de mujeres; sin presiones de género, con más respeto y más libertad para poder explorar nuestros impulsos y emociones. No se si esta sería una sociedad perfecta, pero sé que sería una sociedad mejor y no sólo en términos de género. 

“Con los pies en el suelo, y en el peor de los casos, si los roles de género no pueden flexibilizarse para todos,  al menos desearía que la experiencia de transitar en el género, la experiencia de vivir en un género ambiguo y, en definitiva, las personas que decidieron vivir sus cuerpos en otros términos no pagasen un precio tan alto. (262-263 orr.)”

HEZKIDETZARAKO AGENDA 23-24

23-24 Ikasturte honetan ere, gure Hezkidetza eskola-agenda hau erabiliko dugu. Tresna honen helburua,   eraldaketa pertsonal eta sozialer...