IPUIN SEXISTAK
Umeen literaturak jendarteratze prozesuan duen funtzio argienetariko bat eredu femenino eta maskulinoen igorpena da. Neska-mutilei paper sexualak helarazten zaizkie arrakasta handiz; sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera batzuk markatuko dituzte. Ipuin sexistetan, mutilak aktiboak, azkarrak, trebeak eta dinamikoak izango dira; neskak, berriz, pasiboak, garbiak, ederrak, atseginak eta lasaiak. Ipuinetan agertzen diren emakume eta gizonen irudi estereotipatuek neskentzako eta mutilentzako ereduak markatzen dituzte; simetria adierazteko sexu bati markatzen zaizkion ezaugarriak besteari kentzen zaizkio.
IPUIN EZ SEXISTAK DIRA…
- Sexuari lotutako genero rolak errepikatzen ez dituztenak.
- Genero estereotipoei erantzuten ez dietenak, hau da, neskak esanekoak eta zintzoak dira, eta mutilak ausartak eta indartsuak.
- Generoari dagozkion bestelako baloreak bultzatzen dituztenak, hau da, balore positibo guztiak (generoa kontuan hartu gabe).
- Gure bizitzara eramateko eredu berri bat luzatzen dutenak.
- Jendarte berdintasuna bultzatzen dutenak. Pertsona guztientzako aukera berdintasuna bultzatuz, desberdintasunak eta berezitasunak errespetatuz, jendarte justuagoa bilakatzeko.
- Pertsona moduan, gaitasun anitzak bultzatuz, osotasunean garatzeko laguntzen dutenak.
- Irudietan eredu berriak eta anitzak eskaintzen dituztenak.
IPUINETAN SEXISMOA GAINDITZEKO PROPOSAMENAK:
- Esparru afektiboa eta profesionalaren arteko adiskidetzea, hau da, ausardia, ekimena, afektibitatea, sentimenduen adierazpena, etxeko lana eta kalekoa pertsonaia guztien ezaugarriak izatea.
- Emakumeak lanbide ezberdinetan agertzea.
- Eredu gehienak oraindik maskulinoak dira. Irudiak eta testuak berriztu eta gaur egungo errealitatera egokitu beharko lirateke.
- Lan munduan arrakasta duten emakumeak islatu behar dira: langileak, trebeak, ausartak, politikan edo kiroletan arrakasta lortzen duten amak.
- Emakumeen edo neskatilen ametsa ez izatea printzea edo mutila topatzea, beste motatako helburuak agertzea.
- Gizonak etxeko lanak betetzen, umeen pardelak aldatzen, erosketetara joaten, autoa konpontzen ez dakitenak.
- Mutilentzako beste eredu batzuk ere zabaltzea: sentimenduak adierazten dituztenak, borroketan beldurtzen direnak, lehiak gustukoak ez dituztenak.
- Etxeko lanetan aritzen diren seme-alabak.
- Lagunekin ateratzen diren amak eta amamak.
- Beste familia ereduak ere badaude: bikote homosexualak, ama seme-alabekin, aita seme-alabekin…
- Emakume eta gizonen balio positiboak neurri berean bultzatu pertsona eredu berria lortzeko.
- Gatazkak konpontzeko elkarrizketa eta negoziazioa agertu eta ez indarkeria. Normalizatuta dago ipuinetan pertsonaia maskulinoa gudara, borrokara doala. Agresibitatearen errefortzua da.
- Umeentzako literaturak berdintasunerako bidea zabaldu eta bultzatu behar du.
- Hala ere, askotan etxera ipuin sexistak heldu daitezke opari legez. Baztertu beharrean, ipuin sexistak izanda ere irakurketa kritiko bat egiteko aukera eman ahal digu, transmititzen dituzten alderdi positiboak baloratuz eta negatiboekin kritikoak izanez. Izan ere, bizitza errealeko egoera sexisten aurrean ume kritikoen beharra daukagu.
ZER DA JOLASA? ZER DA JOSTAILUA?
Haurtzaroa, bizitzako aldi erabakigarri bat da, etapa honetan zehar bizitzako esperientziek behin betiko aztarna uzten dute. Gainera bizipen hauen bitartez, pertsonen rol sozialak, autoestimua, errespetua, lankidetza eta beste hainbat balore finkatzen dira. Umeek jolasen bitartez ezagutu eta besteekin erlazionatzen ikasten dute.
Horregatik, oso garrantzitsua da erabiliko dituzten jolas eta jostailuen aukeraketa, hauen bitartez, inguruarekin interakzioa izatea lortzen dutelako.
Jolas eta ipuinek funtzio hezitzailea dute eta arrazoi horregatik ezin daiteke elementu neutraltzat hartu. Ez daude neskentzako edo mutilentzako diren jolasik.
Jolasek ez dute sexurik. Pertsonak sexuaren arabera bereiztea erabaki kulturala da. Jolas sexistak egungo jendartearen isla dira, hain zuzen ere, gizonezkoak-maskulino eta emakumezkoak-femenino bezala antolatzen duen jendartearen ispilu.
- JOLAS ETA IPUIN SEXISTEN HELBURUAK:
- Gizona edo emakumea izaten irakastea
- Genero desberdintasunak markatzea
- Heldu eta haurren arteko harremanak, generoaren arabera bideratzea.
- Harremanak sexuaren arabera markatzea.
- Gaur egungo zatiketa birproduzitzea.
- JOLAS ETA IPUIN EZ SEXISTEN HELBURUAK:
- Sexuari loturiko genero rolak ez errepikatzea.
- Pertsona moduan, gaitasun anitzak bultzatuz, osotasunez garatzen laguntzea.
- Estereotipo sexista eta indarkeriaren transmisioa saihestea.
- Eredu zabal eta ez itxietan jolasteko aukera ematea.
- Bizitzarako eredu berri bat bultzatzea, parekidetasunean oinarrituta.
JOSTAILUAK AUKERATZEKO GOMENDIOAK:
- Jostailuak erakargarriak izan behar dira, behin baino gehiagotan erabiltzeko modukoak, arruntenak dibertigarrienak izan ohi dira.
- Irudimena eta sormena garatzen lagundu behar dute.
- Jostailua, umearen adin gustuetara egokituko da.
- Ziurra izan behar da.
- Ez da estereotipo sexistak finkatzeko erabilia izan behar.
- Denek erabili ahal izango dituzte inolako bereizketarik gabe, eta bien artean erabiltzen badituzte kooperazio eta berdintasun baloreak barneratuko dituzte.
- Sexu, etnia eta kulturen arteko desberdintasunak errespetatzen lagunduko dutenak.
- Ez du indarkeriazko portaerarik bultzatuko, kontrakoa baizik, gizarte baloreak eta pertsonalak bultzatzen lagunduko du.
- Publizitateak inoiz ez du eraginik izan behar norberarengan.
- Jostailua tresna bat da bakarrik, garrantzitsuena jolasa da.
- Kolorea izan dadila berdea, horia zein gorria, urdina zein arrosa, bereizketarik gabe.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina